XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geroxeago, berriz, hartu makinak eta kableak, hartu ekarri zuten gauza guztia, eta joan egin omen ziren; eta, jakina, hark buka egin zuen goizetik gauera.

Guk taberna kendu genuen, eta nik eduki ere ez daukat gogoan; eta minazuloak berak ere erdi ezkutatuta zeuden ni koskortu nintzenerako, sasiz eta laharrez zikinduak.

Eta beheko aldean, Obabako kalean noski, desarmatu egin zuten eritegia, eritegi eder askoa, makina bat gaixo sendatutakoa, eta etxe galant hura zapuztu egin zen segituan, huntzak janda bezala gelditu zen, eta horrekin izugarrizko kolpea eman zioten herriari, joan egin baitzen bertatik mediku, praktikante, eta maisu jendea; eta kategori haundiko beste jende ugari ere joan.

Gure auzoari, berriz, itzali egin zitzaion bizitza, hori esaten zuen behintzat gure amak, eta horregatik aldegin omen zuen Antonio gure anai zaharrenak hamazazpi urte doi zituela, esaten omen zuen hemen zer eginik ez zegoela, etsita zegoela bere jaioterriarekin, eta ea Jainkoak mixeria hura nahi al zuen berarentzako, ea zein Jainko klase zen hura.

Eta nik uste berak arrazoi zuela, hemen ahaztuta gelditu ginela, artzai txoroaren mandoa larrean ahaztuta gelditzen den bezala, berdin berdin.

Nik zazpi urte inguru nituenean, esaterako, zaila zen inguru honetan animarik ikustea, eta aldian behin etortzen zen kartazalea kenduta ez genuen beste inor ikusten; euri haunditako urteak izan ziren gainera, eta parajea erabat tristetu zen.

Behin batean kartazaleak Montevideoko karta bat ekarri zigun, eta anaiaren karta bat zen, itsasoa oso ondo pasa zuela esaten zigun hamaika lerro ederretan, eta lanik ez zela falta Montevideon, ziudade haundia zela hura;.